Izenburuak dioen moduan, euskararen herria ehuntzeko, iruleak, ehuleak eta jostunak behar dira. Euskarak XXI. mendean aurrera egin dezan, ekarpenak egiteko erronka bat aurkeztuko dizuegu, hizkuntzak gure herrietan beharrezko duen sarea osatze aldera.

Baina, zertarako ekarpenak egin? Hain garrantzitsua al da euskararentzat zuen parte-hartzea?

1. Zer dakigu honetaz?

Erronka Euskaltzaindiarekin loturik dagoela badakigu, eta, hasteko, Euskaltzaindiari buruz zer dakizuen ekarriko duzue gogora. Orain arteko ibilbidean, behin baino gehiagotan entzungo zenuten erakunde horren izena, baina zenbateraino ezagutzen dugu?

Talde txikietan, saiatu ondoko galderei erantzuten:

  • Zer da Euskaltzaindia?
  • Zer dakizu erakunde horri buruz?
  • Zer egiteko dauka?

Euskaltzaindiak 100 urte bete zituen 2019an. Bide luzea egin du akademiak ehun urte hauetan, baina, sarritan, ez gara konturatzen egiten duen lanaz. Arau-multzoekin, zuzentasunarekin lotu izan dugu Euskaltzaindia, baina, lan horretaz gain, beste hainbat esparrutan eragile izan da, izaten jarraitzen du, eta hala eutsi nahi dio, gutxienez, beste horrenbeste urtetan.

Ez da bakarrik aritu, ordea, lan horretan. Lankide izan ditu zenbait erakunde, kide dituen euskaltzain osoak eta euskaltzain-urgazleak ere bai. Azken lan horretan arituko zarete, hain zuzen ere, Batxilergoko ikasleak. Erronkak dirauen artean, euskaltzain urgazle izango zarete; eta, norbanakoaren konpromisotik abiatuta, ekarpenak egingo dizkiozue Euskaltzaindiari.

Kontuan izan, beharbada, zuetako bat edo beste bertako kide izango zaretela egunen batean!