XXI. mendeko arteak

Euskaltzaindiak jotako erronkari aurre egiteko, bideo bat egin beharko duzue. Aniztasunak eragiten dituen sentimenduak izango dituzue langai talde honetan. Egun bizi dugun egoerak komunikazio-beharrak sortzen dizkio pertsonari (hitzezkoak, plastikoak, musikaren bidez eginakā€¦). Komunikazio-behar horien isla izango den irudiz (argazki / marrazki) eta idatzizko testuz osatutako bideo labur bat osatuko duzue. Era berean, zeharka jorratu beharko dituzue beste ikerketa-ildoetatik jasotako ekarpenak:

  • Zein ezaugarri ditu XXI. mendeko euskal hiztunak?
  • Nora iritsi nahiko genuke? 
  • Zein behar ditugu  XXI. mendeko euskal hiztunek?
  • Zein politika erabiliko dugu horretarako?
  • Nola kudeatuko ditugu gure arteko aldarrikapenak? 

6.1. Erronkaren eskakizunak berreskuratu 

Jaso itzazue erronkaren eskakizunak Taldearen koadernoan; horretarako, azter ezazue Euskaltzaindiak jotako erronkari aurre egiteko gauzatu beharreko ekintza komunikatiboari dagokion egoera. 

6.2. Eredua aztertzen 

Aurrera egin aurretik, eredu baten azterketa egingo duzue. Horretarako, Hiri asko bere baitan ekimena aurkezteko prestatutako ikus-entzunezkoa aztertuko duzue. Ondoren, 1-2-4 teknika erabiliz, ekintza komunikatibo horren osagaiak bildu, eta testu horren plan orokorra aterako duzue Taldearen Koadernoan. 

Lagungarri izango zaizue Hiri asko bere baitan ekimenaren antolatzaileek ikus-entzunezkoaren gainean egindako hausnarketa.

6.3. Planifikazioa: plan orokorra 

Eredutik abiatuta, zereginari erantzungo dion ikus-entzunezko kontakizunaren egitura edo plan orokorra egingo duzue. Horretarako, Taldearen koadernoan duzuen taula izango da abiapuntu, eta, berau erabiliz, testuaren planifikazioa egingo duzue. Bideo horren edukia hautatzeko, ezinbesteko izango zaizue bateratze-saioetan jasotako informazioa.

6.4. Ekintza komunikatiboa gauzatzen (I) 

Aurreko jardueran, egingo duzuen bideoaren egitura landu duzue. Honakoan, aldiz, adostutako plan orokor hori aintzat hartuta, bakoitzak kontakizunaren proposamena idatziko duzue Gogoeta-kaieran. Bukatzean, gutxienez honako ezaugarriak bete dituzuela ziurtatu beharko duzue:

  • Eskatutakoari erantzuten dion testua da.
  • Soziolinguistika-kontzeptuak erabili ditut.
  • Gainerako taldeetako informazioa egoki txertatu dut lanean.
  • Ekintza komunikatiboari arrakastaz erantzuteko estrategiak erabili ditut: (ahots desberdinak, egitura eraginkorra eta logikoa).

6.5. Ekintza komunikatiboa gauzatzen (II) 

Zuetako bakoitzak idatzi duen gidoian oinarrituta, azken bertsioa adostuko duzue Taldearen koadernoan, elkarlanean arituz. Bukatzean, gutxienez honako ezaugarriak bete dituzuela ziurtatu beharko duzue:

  • Eskatutakoari erantzuten dion testua da.
  • Soziolinguistika-kontzeptuak erabili ditugu.
  • Gainerako taldeetako informazioa egoki txertatu dugu lanean.
  • Ekintza komunikatiboari arrakastaz erantzuteko estrategiak erabili ditugu: (ahots desberdinak, egitura eraginkorra eta logikoa).

6.6. Ekintza komunikatiboa gauzatzen (III)

Azken ekoizpenari dagokion bideoa egingo duzue, eta, ondoren, egindako lanaren esteka txertatuko duzue Taldearen koadernoan. Bideo hori egiteko, editore bat erabili beharko duzue.

Horretaz gain, lanaren bukaeran agertu beharreko kredituak osatuko dituzue. Atal honetan, erabilitako irudien eta argazkien jabetza eta erabilitako musikaren iturriak aipatuko dituzue, gutxienez.

Azkenik, Gogoeta-kaieran, erronka egiteko Euskaltzaindiak egindako galderari emandako erantzuna berreskuratuko duzue, eta egindako lanketa kontuan izanda, eman zenuten erantzuna molda ezazue ahozko grabaketa bat eginez: zein ekarpen egin diezaioke gutako bakoitzak euskarari? Ahozko erantzuna editatu behar izanez gero, erabil ezazue audio editoreren bat.