XXI. mendeko hiztunak

Euskaltzaindiak egindako eskaerari aurre egiteko, ikusizko erreportaje bat egin beharko dute ikasleek. Erreportaje horren gaia egun bizi dugun aniztasuna izango da, eta helburua, aldiz, aniztasun horrek euskarari XXI. mendean zein ekarpen egin diezaiokeen azaltzea. Era berean, zeharka jorratu beharko dituzue ikerketa-ildoetatik jasotako ekarpenak: 

  • Nora iritsi nahiko genuke? 
  • Nola kudeatuko ditugu gure arteko aldarrikapenak?
  • Zein politika erabiliko dugu horretarako?
  • Zein hizkuntza-behar asetuko ditugu?
  • Nola eta zergatik islatuko dugu aniztasun hori?

1.1. Erronkaren eskakizunak berreskuratu

Jaso itzazue erronkaren eskakizunak Taldearen koadernoan; horretarako, azter ezazue Euskaltzaindiak jotako erronkari aurre egiteko gauzatu beharreko ekintza komunikatiboari dagokion egoera. 

1.2. Planifikazioa: eredua aztertzen 

Aurrera egin aurretik, eredu baten azterketa egingo duzue. Araian, elkarren ezagutza sustatze aldera burututako ekintza bat hizpide duen erreportajea ikusiko duzue.

Erreportajea ikusi ondoren, 1-2-4 teknika erabiliz, ekintza komunikatibo horren osagaiak bilduko dituzue, eta testu horren egitura edo plan orokorra aterako duzue Taldearen koadernoan.

1.3. Planifikazioa: plan orokorra 

Eredutik abiatuta, zereginari erantzungo dion erreportajearen egitura edo plan orokorra egingo duzue. Horretarako, Taldearen koadernoan duzuen taula osatuko duzue eta taula horretako informazioaz baliatuz, erreportajearen planifikazioa egingo duzue, elkarren artean eztabaidan arituz. Erreportajearen edukia hautatzerakoan, ezinbesteko izango zaizue bateratze-saioetan eskuratutako informazioa.

1.4. Ekintza komunikatiboa gauzatzen (I) 

Aurreko jardueran, egiteko duzuen erreportajearen egitura landu duzue. Adostutako plan orokor hori aintzat hartuta, bakoitzak gidoiaren proposamena idatziko du Gogoeta-kaieran. Bukatzean, gutxienez, honako ezaugarriak bete dituzuela ziurtatu beharko duzue:

  • Eskatutakoari erantzuten dion testua da.
  • Soziolinguistika-kontzeptuak erabili ditut.
  • Gainerako taldeetako informazioa egoki txertatu dut lanean.
  • Ekintza komunikatiboari arrakastaz erantzuteko estrategiak erabili ditut: (ahots desberdinak, egitura eraginkorra eta logikoa).

1.5. Ekintza komunikatiboa gauzatzen (II) 

Zuetako bakoitzak idatzi duen gidoian oinarrituta, azken bertsioa adostuko duzue Taldearen koadernoan eta ikusizko erreportajea gauzatzen hasiko zarete. Horretarako, ikerketa bakoitza burutzean jasotako informazioa biltzen duten karpetetan jasotako informazioa baliagarri izango zaizue (grabaketak, irudiak, argazkiak…).

Bukatzean, gutxienez honako ezaugarriak bete dituzuela ziurtatu beharko duzue:

  • Eskatutakoari erantzuten dion testua da.
  • Soziolinguistika-kontzeptuak erabili ditugu.
  • Gainerako taldeetako informazioa egoki txertatu dugu lanean.
  • Ekintza komunikatiboari arrakastaz erantzuteko estrategiak erabili ditugu: (ahots desberdinak, egitura eraginkorra eta logikoa).

1.6. Ekintza komunikatiboa gauzatzen (III) 

Ikusizko erreportajea gauzatuko duzue, eta, ondoren, egindako lanaren esteka txertatuko duzue Taldearen koadernoan. Ikusizko erreportajea egiteko, bideo editore bat, edota aurkezpenak egiteko aplikazioren bat erabili beharko duzue (Prezi edota Powtoon bezalakoak, esate baterako).

Horretaz gain, lanaren bukaeran agertu beharreko kredituak osatuko dituzue. Atal honetan, erabilitako irudien eta argazkien jabetza eta erabilitako musikaren iturriak aipatuko dituzue, gutxienez.

Azkenik, Gogoeta-kaieran, erronka egiteko Euskaltzaindiak egindako galderari emandako erantzuna berreskuratuko duzue, eta egindako lanketa kontuan izanda, eman zenuten erantzuna molda ezazue ahozko grabaketa bat eginez: zein ekarpen egin diezaioke gutako bakoitzak euskarari? Ahozko erantzuna editatu behar izanez gero, erabil ezazue audio editoreren bat.