Euskaltzaindiak 100 urte bete zituen 2019an, eta behar-beharrezkoa da, Euskaltzaindiaren ustez, euskararen biziberritzeari beste bultzada bat ematea. Horretarako, egoki ikusi du euskararen iraganeko, egungo eta etorkizuneko egoeraren inguruko hausnarketa bultzatzea euskararen lurralde guztietako gazteengan. Azken finean, gazte horiek baitira gaur egun eta izango baitira etorkizunean euskararen herria ehuntzen jarraituko dutenak. Horixe da Euskal Herriko Ikastolen Elkartearekin batera sortu dugun unitate didaktiko honen helburua.