Dagoeneko badakizue erronkak Euskaltzaindiarekin duela zerikusia, eta taldeka aritu beharko zaretela lanean. Orain, Erronka ezagutuko duzue: batetik, eskakizunak identifikatuko dituzue, eta, bestetik, Euskaltzaindiak egindako galderaren inguruko hausnarketa egingo duzue.
1. Euskaltzaindia erronka!
Urgazle-taldeak osatuta, ikus ezazue Euskaltzaindiak bidalitako bideoa eta egin ondoko ariketak:
1) Identifikatu zein den Euskaltzaindiak jotako erronka eta zer eskakizun dituen. Idatzi itzazue erantzunak Taldearen koadernoan.
- Zer egitea eskatu digute?
- Nork egin digu eskaera?
- Norentzat egin behar dugu?
- Zer ezaugarri izan behar ditu?
- Zertarako egin behar dugu?
- Nola egin behar dugu?
- Zein izango da azken ekoizpena edo egitekoa?
2) Euskaltzaindiak honako galdera hau bota dizue XXI. mendeko euskaldunoi: zer ekarpen egin diezaioke gutako bakoitzak egoera gutxituan den hizkuntzari (euskarari)?
- Egin galdera horri buruzko hausnarketa banaka, eta jaso ezazue Gogoeta-kaieran. Norberak zer egin dezakeen aurreikusiko duzue eta, amaierako zeregina amaitu ostean, berriz helduko diozue hausnarketa horri; aurrera begira hartuko dituzuen konpromisoetarako baliagarri izango baitzaizue.
- Urgazle-talde bakoitza, erronkaren galderari erantzuteko, hausnarketan eta ikerketan aritu beharko da. Talde bakoitzak Euskaltzaindiak egindako erronkari erantzuteko ekintza komunikatibo bat burutzeko zeregina jasoko du; hau da, gai jakin bat hizpide duen ekintza komunikatibo bat garatu beharko duzue. Honakoak dira jorratu beharreko gaiak eta burutu beharreko ekintza komunikatiboak:
- XXI. mendeko hiztunei buruzko ikusizko erreportaje bat: nor gara XXI. mendeko euskaldunok?
- XXI. mendean erabili beharreko hizkuntza-politikaren gaineko debate baten laburpena azaltzen duen bideoa: nola egingo dugu XXI. mendeko ibilbidea?
- Herriko euskararen historia sozialari buruzko ikusizko erreportaje bat: nondik gatozen ikusita, nora iritsi nahi dugu?
- XXI. mendeko euskaldunen hizkuntza-beharrei buruzko azalpen-artikulu bat: zein behar ditugu XXI. mendeko euskaldunok?
- XXI. mendeko aldarrikapenen kudeaketarako bideo bat: nola egingo diegu aurre zailtasunei?
- XXI. mendean arteak eta hizkuntza uztartuko dituen bideo bat: nola zabalduko dugu egindakoa, eta zergatik zabalduko dugu?
3) Urgazle-talde bakoitzari egokitutako gaia kontuan izanik, berrikusi erronkaren eskakizunak Taldearen koadernoan eta, beharko balitz, egokitu. Ondoren, ardurak zuen artean banatuko dituzue. Horretarako, lagungarri izango zaizue azken ekoizpen edo ekintza komunikatiboei buruzko honako dokumentua.