Aldarrikapenak eta hizkuntzak
Ikastetxea eta herria kontuan hartuta, aldarrikapenen azterketa bat egingo duzue, eta aldarrikapen horiek egiteko hizkuntzena ere bai. Ez zarete geratuko aldarrikapenen azterketa hutsean, izan ere, gatazka-egoerak bideratzeko proposamen bat egin beharko duzue ikerketa amaitzean.
Idatzizko edota ikus-entzunezko dokumentuetatik abiatuta, arlo desberdinetan egin diren aldarrikapenak ikertuko dituzue eta gai horien gaineko hausnarketa egingo duzue. Era berean, bizikidetzarako eta gatazken ebazpenerako proposamen bat egin beharko duzue, eta ondorioak ere atera beharko dituzue.
Aurrez esan bezala, lanketa guztia Adituen koadernoan egingo duzue, beraz, taldekide batek eskura dezala ikerketa honi dagokion Adituen koadernoa, kopia bat egin eta parteka dezala gainerako taldekideekin. Ikerketa-aldi honetako informazioa gordetzeko, berriz, sortu XXI. mendeko aldarrikapenak izeneko karpeta, eta parteka ezazue.
- E.1. Aurretiko ezagutzak aktibatzen
- E.2. Ikerketa abiarazten
- E.3. Ikastetxe-mailako aldarrikapenak
- E.4. Euskal hiztunen aldarrikapenak (I)
- E.5. Euskal hiztunen aldarrikapenak (II)
- E.6. Elkar ulertzea abiapuntu
- E.7. Elkarbizitza-aldarrikapenak herrian
- E.8. Bateratzea
- E.9. Elkargunea eta euskara
- E.10. Ondorioak
E.1. Aurretiko ezagutzak aktibatzen
Aldarrikapenak eta hizkuntzak izango dituzue aztergai. Gaiaren hurbilpena egiteko, argazki batzuk aztertzen hasiko zarete. Bakoitzak argazki bati helduko dio eta, tarte batez behaketan aritu ostean, honako galdera hauei erantzungo diezue Adituen koadernoan:
- Nongo argazkiak dira? Zergatik?
- Zein hizkuntza erabili da aldarrikapenak egiteko?
- Zein oinarrizko eskubide aldarrikatzen dute?
E.2. Ikerketa abiarazten
Nafarroan euskarak egun bizi duen hizkuntza-egoeraren ondorio bat azaltzen duen ikus-entzunezkoa aztertuko duzue. Bertan, Euskaltzaindiak Nafarroako Gobernuari eta Espainiako Gobernuari egindako eskaera baten berri ematen da. Bideoa ikusi ondoren, ondoko galderei erantzungo diezue Adituen koadernoan, folio birakariaren teknikaz baliatuz:
- Zein ofizialtasun-maila du euskarak zu bizi zaren herrian?
- Zertan eragiten dio euskal hiztunari Nafarroan gertatzen den egoerak?
- Eskualdeetako eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunean jasotako zein atali eragiten dio (dokumentuaren 1-10 orriak aztertuz)?
- Zein iritzi duzu Nafarroan bizi duten egoeraz?
Ez da hori Euskaltzaindiak egin duen eskaera bakarra, hona hemen Nafarroako parlamentuak euskarari buruzko Foru Lege berri bat egiteko sortu duen batzorde berezian Euskaltzaindiak egindako agerraldia.
Bukatzean, marka ezazue dagokion atalean gauzatutako urratsa, Adituen koadernoan duzuen kontrol-zerrendan.
E.3. Ikastetxe-mailako aldarrikapenak
Gazte gara gazte eta ez gaude konforme zioen kantuak, eta hala izaten da normalean. Ikastetxean egiten diren aldarrikapenak ekarriko ditugu gogora. Horretarako, honako galdera hauei erantzungo diezue Adituen koadernoan, 1-2-4 teknika erabiliz:
- Zein aldarrikapen egiten da zuen ikastetxean?
- Zapalduak sentitzen al zarete? Eta zapaltzaile?
Bukatzean, marka ezazue dagokion atalean gauzatutako urratsa, Adituen koadernoan duzuen kontrol-zerrendan.
E.4. Euskal hiztunen aldarrikapenak (I)
Luzea da euskarak aldarrikapenak eginez egin duen bidea. Horren adibide da Bernat Etxeparek Linguae Vasconum primitiae liburuan idatzitako hitzaurrea. Entzun ezazue Imanol Epeldek hitzaurre horri egindako moldaketa eta errepara iezaiozue letrari (Adituen koadernoan duzue eskura). Ondoren, Adituen koadernoan erantzun galdera hauei folio birakariaren teknikaz baliatuz:
- Zein da Etxepareren kexa?
- Zer gertatu izan zaio euskarari Etxepareren ustez?
- Zer aldarrikatzen zuen Etxeparek 1545ean?
- Gaur egun, zein neurritan lortu da orduan aldarrikatzen zena?
E.5. Euskal hiztunen aldarrikapenak (II)
Gaur egungo egoeraren azterketa bat egingo duzue segidan. 11 Telebistak egindako bideo bat ikusiko duzue, eta Eskualdeetako eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunean jasota dauden erabakien gaineko azterketa egin ondoren (lehenengo hamar orriak), Adituen koadernoan duzuen taula osatuko duzue, honako galderari erantzunez:
- Zein erabakiri eragiten die egoera horiek? Eman itzazu bideoan agertzen diren lau adibide (Euskarak dituen ofizialtasun-egoera bakoitzeko bat gutxienez).
Bukatzean, marka ezazue dagokion atalean gauzatutako urratsa, Adituen koadernoan duzuen kontrol-zerrendan.
E.6. Elkar laguntzea abiapuntu
Ondoko jarduera burutzeko, honako artikulu hau irakurriko duzue, ondoren, folio birakariaren teknikaz baliatuz, Adituen koadernoan ondorengo galdera hauei erantzuteko:
- Zergatik daude arriskuan Europan hainbat hizkuntza? Eta noren ardura da, egilearen ustez, hizkuntza horiek zaintzea?
- Zein da François Alfonsiren testuaren helburua?
- Zein da, egilearen ustez, euskararen egoera? Zergatik?
- Zein urrats eman beharko lituzteke arriskuan dauden hizkuntzetako kideek hizkuntza horiek zaintzeko bidean?
E.7. Elkarbizitza-aldarrikapenak herrian
Jarduera honetan, azkenaldian herrian egindako aldarrikapenak aztertuko dituzue. Horretarako, talde kooperatiboei dagokien 1-2-4 teknikaz baliatuz, erantzun iezaiezue Adituen koadernoan honako galderei:
- Zein zapalkuntza-egoera salatzen dituzte aldarrikapen-egileek?
- Ba al da aldi berean zapaldua eta zapaltzailea den inor?
- Zein hizkuntza erabiltzen da edo dira aldarrikapen-ekintza horiek burutzean?
- Kultur aniztasuna aintzat hartzeak zein ekarpen egingo lioke gatazkak konpontzeari?
Azterketa egiteko herriko aldizkarietan edo egunkarietan egin beharko duzue bilaketa. Aldarrikapen horien gainean gogoeta egin ondoren, aurkezpen bat prestatuko duzue, eta XXI. mendeko aldarrikapenak karpetan gordeko duzue.
Bukatzean, marka ezazue dagokion atalean gauzatutako urratsa, Adituen koadernoan duzuen kontrol-zerrendan.
Oharra:
Hurrengo saioa bateratze-saioa egiteko baliatuz gero, adostu galdera hauen erantzunak:
- Zein aldarrikapen egiten dira ikastetxe-mailan eta herri-mailan?
- Zein hizkuntza erabiltzen da horretarako?
- Aldarrikapenen atzean dauden zapalkuntza-egoera horietan, zapaldua izaten al da zapaltzaile?
- Zein ekarpen egin dezake kultur aniztasuna aitortzeak aldarrikapen horien atzean dauden desberdintasunak kudeatzeko?
E.8. Bateratzea
Berriz ere jatorrizko taldeetan elkartuko zarete. Adituen taldean aritu zarete ikerketak egiten, eta, honakoan, Taldearen koadernora ekarri beharko dituzue ikerketa-garaian jorratutako gaiak. Bukaeran, talde bakoitzak burutu beharreko ekintza komunikatiboari ikerketek egindako ekarpena egingo dio. Talde honetan, nola egingo diegu aurre zailtasunei? galdera nagusiari erantzun beharko diozue, ondorengo galderei erantzunez:
- Zein aldarrikapen egiten dira ikastetxe-mailan eta herri-mailan?
- Zein hizkuntza erabiltzen da horretarako?
- Aldarrikapenen atzean dauden zapalkuntza-egoera horietan, zapaldua izaten al da zapaltzaile?
- Zein ekarpen egin dezake kultur aniztasuna aitortzeak aldarrikapen horien atzean dauden desberdintasunak kudeatzeko?
E.9. Elkargunea eta euskara
Ikerketarekin aurrera egiteko, Adituen taldeetan elkartuko zarete berriz ere. Jarduera honetan, gatazkak kudeatzeko proposamen bat helaraziko dizuegu: Elkargunea edo intersekzionalitatea. Proposamenaren muinaz jabetzeko, bi ariketa egingo dituzue Adituen koadernoan, 1-2-4 teknikaz baliatuz:
- Taldean elkartuta, honako ikus-entzunezko hau aztertuko duzue eta, ondoren, honako galdera hauei erantzungo diezue:
- Zer da Elkargunea edo intersekzionalitatea?
- Zein ekarpen egin diezaieke aldarrikapenei?
- Feminismoak azkenaldian ekarpen nabarmenak egin dizkio berdintasun sozialari. Jarraian, Jakin aldizkarian argitaratutako artikulu baten pasarte bat duzue. Irakurri eta erantzun honako galdera hauei 1-2-4 teknikaz baliatuz :
- Zein lotura dago desberdintasun sozialen eta hizkuntza gutxituen (euskararen) artean?
- Nolako gizartea komeni zaio gaur eguneko globalizazioari?
- Zein ekarpen egin diezaiokete euskararen aldarrikapenek berdintasun sozialari?
- Zer egin behar du gizarteak, egileen ustetan, egoera iraultzeko?
- Azkenik, aurreko jardueran prestatutako aldarrikapenen aurkezpenari gatazkak konpontzeko elkargunearen proposamena gehituko diozue.
Bukatzeko, marka ezazue dagokion atalean gauzatutako urratsa, Adituen koadernoan duzuen kontrol-zerrendan.
E.10. Ondorioak
Taldean elkartu eta ondorioak aterako dituzue. Adituen koadernoan, folio birakariaren teknikaz baliatuz jasoko dituzue azken ondorio horiek, gerora, taldeka egindako ikerketen berri elkarri emateko. Hona hemen, lanketatik erantzun beharreko galderak:
- Zein aldarrikapen egin dira ikastetxean eta herrian?
- Zein zapalkuntza-mota azaleratu zaizkizue ikerketan?
- Zein hizkuntza erabiltzen da horiek salatzeko? Zergatik?
- Zein ekarpen egiten du Elkarguneak zapalkuntza-egoerak konpontzeko bidean?
Bukatzean, marka itzazue proposatutako kontrol-zerrendan burututako pausoak. Ikerketatik ikasitakoaz gogoeta egiteko, Gogoeta-kaieran bilduko duzue galdera hauen erantzunetatik abiatutako hausnarketa. Horretaz gain, jo kaiera horretako EBALUAZIOA atalera, eta osa ezazue, behin-behinean, bertan proposatzen den hausnarketa.