Euskararen historia soziala herri-mailan

Herria abiapuntu harturik, euskarak herrian egin duen ibilbidea aztertuko duzue, aurrera begira zein bide egingo duen aurreikusteko. Euskara herrian bizirik noiztik dagoen aztertzea eta zeinen ekimenez gauzatu den hori azaleratzea da ikerketa honen helburua. Idatzizko edota ikus-entzunezko dokumentuetatik abiatuta, euskarak egun dagoen egoeran egoteko egin duen bidea aztertuko duzue, eta bide horretan bidaide izan dituen pertsonen testigantzak jasoko dituzue, erronkaren hasieran aurkeztutako denbora-lerroa osatzeko. Informazioa eskuratzeko, elkarrizketa izango da erabiliko duzuen baliabidea. Berriemaileak identifikatu ondoren, elkarrizketak egin eta grabatuko dituzue, eta egindako lanketatik beharrezko ondorioak aterako dituzue.

Aurrez esan bezala, lanketa guztia Adituen koadernoan egingo duzue, beraz, komenigarria litzateke taldekide batek ikerketa honi dagokion Adituen koadernoa eskuratzea, kopia bat egin eta gainerako taldekideekin partekatzea. Ikerketa-aldi honetako informazioa gordetzeko, berriz, sortu Euskararen historia soziala herri-mailan izeneko karpeta, eta parteka ezazue taldekideen artean.



C.1. Aurretiko ezagutzak aktibatzen

Egunerokotasunak, sarritan, itsutu egiten gaitu, eta ez digu uzten inguruan duguna behar bezala aztertzen. Erantzun iezaiezue honako galdera hauei Adituen koadernoan, 1-2-4 teknikaz baliatuz: 

  • Noiztik ditugu hizkuntza horiek gure inguruan? 
  • Zein ibilbide izan dute gure herrian?

Horretarako, Euskaltzaleen Topaguneak sortutako Lingoland proiektuaren harira egindako bideoa ikusiko duzue.


C.2. Ikerketa abiarazten 

Ikerketa-ildoaz jabetzeko, Arabako Foru Aldundiak 2018an egindako Ongi etorri Lazarragaren lurraldera izeneko bideoa izango duzue aztergai. Bideoa ikusi ondoren, 1-2-4 teknika erabiliz, honako galderei erantzungo diezue Adituen koadernoan: 

  • Noiztik entzuten da euskara Araban, eta zer-nolako ibilbidea izan du?
  • Zein ekimenek edota erabakik lagundu dio bide horretan?
  • Zein egoeratan ikusten du aurkezleak euskara etorkizun hurbilean?
  • Eta zuen herrian zer ibilbide egin du euskarak?
  • Zein egoeratan ikusten duzu euskara etorkizun hurbilean?
  • Nork lagun diezazuke ibilbide horren berri jasotzen?

C.3. Erreferenteak

Euskarak zuen herrian egin duen bidea ezagutzeko, elkarrizketak egiteko pertsonak identifikatu beharko dituzue. Egin ezazue gai hauen gaineko azterketa, eta osatu Adituen koadernoan duzuen taula, behean proposatutako webguneetan bilaketa eginez:

  • Zuen herrian hizkuntzarekin eta kulturarekin loturarik du(t)en elkartea(k)
  • Zuen herrian edo eskualdean, euskaraz argitaratzen den aldizkaria
  • Zuen herrian euskaraz aritzen diren musika-talde, antzerki-talde edota idazleak
  • Zuen herrian edo eskualdean, euskarazko saioak egiten ditu(zt)en irrati edo telebista(k)
  • Erakunde horien berri nork eman diezazueke?
  • Zuen ikastetxearen historiaren berri nork eman diezazueke?

Bukatzean, marka ezazue koadernoaren bukaeran duzuen kontrol-zerrendan gauzatutako urratsa.

Bilaketa egiteko, honako webguneak erabil ditzakezue:


C.4. Euskararen historia soziala herri-mailan 

Herriko euskararen historia soziala aztertzeko, ondoko atal bakoitzaren inguruko ikerketa egingo du zuetako bakoitzak, eta Adituen koadernoan jasoko duzue egindako lana:

  • HEDABIDEAK: ikertzaile batek hedabideak aztertuko ditu: prentsa idatzia, irratia eta telebista.
  • IRAKASKUNTZA: ikertzaile batek euskarak irakaskuntzan egin duen bideari erreparatuko dio. Helduen eta gazteen irakaskuntza izango ditu kontuan.
  • ELKARTEAK: atal honetan, herrian lanean diharduten hainbat talderi eta elkarteri buruzko ikerketa egingo du ikasleak.
  • LITERATURA: ikertzaile batek euskaraz idatzi duten edo idazten duten herriko idazleen azterketa egingo du eta, era berean, euskaraz kantatzen duten herriko musika-taldeen azterketa edota antzerki-taldeen lana iker dezake.

Ondoren, erronkaren hasieran landutako denbora-lerroa berreskuratu, eta eskuratu duzuen informazioaz baliatuz osatu egingo duzue.

Bi zereginak burututakoan, proposatutako kontrol-zerrendan bete beharreko urratsa burutu dela adieraziko duzue. 


C.5. Jarduera. Galdetegia 

Aurreko ikerketetan egindako lanketatik, herriko historia sozialari buruzko bidean sakontzeko, hainbat pertsonaren izenak agertu zaizkizue. Jarduera honetan, elkarrizketaren gidoia prestatzen hasiko zarete. Horretarako, folio birakariaren teknikaz baliatuz, honako galdera honi erantzungo diozue Adituen koadernoan:

  • Euskarak herrian egin duen bideaz jabetzeko, eta aurrerantzean izango duen ibilbidearen aurreikuspena egiteko, zein galdera egingo zenizkiokete hautatutako berriemaileari? 

Bukatzean, taldean osatuko duzue galdetegiaren behin behineko bertsioa, eta Adituen koadernoan jasoko duzue.


C.6. Euskararen historia soziala: bi eragile 

Euskararen historia sozialean eragin handia izan duten bi gertaera aztertuko dituzue ariketa honetan. Batetik, Euskal Herrian izan ditugun migrazio-aldiak aztertuko dituzue eta, bestetik, Euskara Batuak edo euskararen aldaera estandarrak egin duen bidea.

Binaka arituko zarete lanean, eta taldekide bakoitzak atal baten gaineko lanketa egingo du.

1) Irakur itzazue proposatutako testuak eta erantzun galdera hauei Adituen koadernoan:

  • Migrazio-aldiei dagokienez:
    • Noiz gertatu dira migrazio-aldiak Euskal Herrian?
    • Zein ondorio izan dute mugimendu horiek euskararen lurraldean?
    • Zuen iritziz, gaur egun bizi dugun migrazio-aldiak zertan eragingo dio euskarari?
  • Euskara estandarraren bideari dagokionez:
    • Zein bilakaera izan du Euskara Batuak?
    • Nor izan du bidaide, besteak beste, Euskara Batuak?
    • Zuen iritziz, etorkizun hurbileko ibilbidean, zer bide egin beharko dute euskarak eta Euskaltzaindiak?

2) Lanketa horretatik ateratako informazioa ikerketa-ildo honetan osatzen ari zareten denbora-lerroan txertatuko duzue. Euskara Batuaren ibilbidea Euskararen historia sozialari dagokion taldean txertatuko duzue, eta migrazioarena, aldiz, Gertakizun nagusietan. Horretarako, Adituen koadernoan duzuen taula osatuko duzue goian emandako erantzunak baliatuz.

Lan hori egiteko, honako informazio-iturri hauek erabiliko dituzue:

  • Migrazioari dagokion informazioa eskuratzeko:
    • Jakin 180 zenbakian argitaratutako artikulu honetako  atal bat:  Euskal Herrira etortzea eta horren ondorioa: nazio talka.
  • Euskara estandarrak egindako ibilbidea aztertzeko:
    • Luis Villasanteren ‘Euskara batuaren filosofiaz’ hitzaldiaren moldaketa.    

C.7. Galdetegia berrikusi 

Jarduera hau egiteko, C.5 jardueran prestatutako gidoia berreskuratuko duzue. Dagoeneko XX. mendeaz gehiago dakizue, eta, ondorioz, elkarrizketatuari egin beharreko galderak berrikusteko moduan egongo zarete. Aztertu orain arteko lana, eta jaso ezazue Adituen koadernoan elkarrizketarako erabiliko den galdetegiaren behin betiko bertsioa.

Ondoren, finka ezazue elkarrizketaren hitzordua eta nola egingo duzuen (grabaketa, posta elektronikoz bidalita…). Kontuan izan irakasleen artean egon litekeela aditu-talderen bat.

Bukatzean, marka itzazue burututako urratsak bukaerako kontrol-zerrendan.

Oharra:

Hurrengo saioa bateratze-saioa egiteko baliatuz gero, adostu galdera hauen erantzunak:

  • Zein ibilbide egin du euskalgintzak (hedabideak, hezkuntzak, elkarteek eta literaturak) gure herrian?
  • Zerk eragin du ibilbide horretan?
  • Zergatik erabaki zuten/dute lan hori euskaraz egitea?
  • Zein egoeratan ikusten dute euskalgintza etorkizun hurbilean?
  • Zer egin dezake bide horretan gutako bakoitzak? 

C.8. Bateratzea

Berriz ere jatorrizko taldeetan elkartuko zarete. Adituen taldean aritu zarete ikerketak egiten, eta, honakoan, Taldearen koadernora ekarri beharko dituzue ikerketa-garaian jorratutako gaiak. Bukaeran, talde bakoitzak burutu beharreko ekintza komunikatiboari ikerketek egindako ekarpena egingo dio. Zuen ikerketa-ildoari dagokionez, historiak irakatsitakotik, nora iritsi nahi dugu? galdera nagusiari erantzun beharko diozue, ondorengo galderei erantzunez:

  • Zein ibilbide egin du euskalgintzak (hedabideak, hezkuntzak, elkarteek eta literaturak) gure herrian? 
  • Zerk eragin du ibilbide horretan?
  • Zergatik erabaki zuten/dute lan hori euskaraz egitea?
  • Zein egoeratan ikusten dute euskalgintza etorkizun hurbilean?
  • Zer egin dezake bide horretan gutako bakoitzak?

Kontuan izan, oraindik ikerketa bukatu gabe dagoenez, hainbat galderaren erantzuna ez duzuela izango.

Irudi handia

C.9. Elkarrizketak 

Ikerketarekin aurrera egiteko, Adituen taldeetan elkartuko zarete berriz ere. Leku egokia eta hitzordua finkatu ondoren, elkarrizketak egingo dituzue. Binaka aritu beharko duzue (gutxienez), izan ere, pertsona bat grabatzen aritu beharko da, eta bestea galderak eginez. Gogoan izan materiala (ahozko grabaketak, argazkiak…) Euskararen historia soziala herri-mailan karpetan jasotzeaz. 

Txerta ezazue karpetaren esteka Adituen koadernoan, eta, bukatzean, marka itzazue burututako urratsak bukaerako kontrol-zerrendan.


C.10. Ondorioak

Ikerketa honetako ondorioak ateratzeko, honako galderei erantzun beharko diezue Adituen koadernoan, horretarako, folio birakariaren teknikaz baliatuz:

  • Zein ibilbide egin du euskalgintzak (hedabideak, hezkuntzak, elkarteek eta literaturak) gure herrian?
  • Zerk eragin du ibilbide horretan?
  • Zergatik erabaki zuten/dute lan hori euskaraz egitea?
  • Zein egoeratan ikusten dute euskalgintza etorkizun hurbilean? Eta zuek?
  • Zer egin dezake bide horretan gutako bakoitzak?

Erantzunak emateko ezinbestekoa izango zaizue elkarrizketetako informazioa baliatzea, eta bateratze-saiorako prestatutako erantzunak berreskuratzea. Bukatzean, Adituen koadernoan duzuen kontrol-zerrendan gauzatutako zereginak markatuko dituzue.

Ondoren, galdera horien gaineko hausnarketa egin beharko duzue Gogoeta-kaieran. Horretaz gain, kaiera horretako EBALUAZIOA atalera jo, eta osa ezazu, behin-behinean, bertan proposatzen den hausnarketa.