Gazteen hizkuntza-beharrak

Ikastetxea oinarri hartuta, XXI. mendeko euskal hiztunek dituzuen hizkuntza-beharrak aztertuko ditu ikerketa-ildo honek. Zuen hizkuntza-erabilera aztertuko duzue, eta gazteek dituzten hizkuntza-beharrak azaleratuko dituzue. 

Idatzizko edota ikus-entzunezko dokumentuetatik abiatuta, zuen ohiturak eta hizkuntza-joerak aztertuko dituzue, eta erabaki horien arrazoien gaineko hausnarketa egingo duzue. Horretarako, ikerketan ere aritu beharko duzue, izan ere, norbanakoak hizkuntzen gainean hartutako erabakiek lotura estua dute norberak dituen hizkuntza-beharrekin. Informazioa eskuratzeko, inkesta erabiliko duzue, eta ordenagailu bidez bideratuko duzue galdetegia. Ikerketarako lagina aukeratu ondoren, emaitzen jarraipena egin beharko duzue, eta egindako lanketatik beharrezko ondorioak aterako dituzue.

Aurrez esan bezala, lanketa guztia Adituen koadernoan egingo duzue, beraz, taldekide batek eskura dezala ikerketa honi dagokion Adituen koadernoa, kopia bat egin eta parteka dezala gainerako taldekideekin. Ikerketa-aldi honetako informazioa gordetzeko, berriz, sortu Gazteen hizkuntza-beharrak izeneko karpeta, eta parteka ezazue.



D.1. Aurretiko ezagutzak aktibatzen

Sarritan entzungo zenuten ez duzuela euskaraz hitz egiten, eta ez dituzuela euskaraz bizitzeko aukerak behar bezala probesten. Ikertu beharreko gaiaren gaineko ezagutzak aktibatzeko, erantzun iezaiezue ondorengo galderei Adituen koadernoan:

  • Euskaraz bizitzeko zer-nolako aukerak dituzue?
  • Euskararen gaineko hautu kontzienterik egin duzue inoiz?
  • Zein egoeratan?

Horretarako, ikus ezazue Tribuaren berbak saiorako EITBk egindako bideo hau.


D.2. Ikerketa abiarazten

Ikerketa-ildo honetan trebatze aldera, Soziolinguistika Klusterrak argitaratutako Erabileraren GPS-a laburtzen duen txostenaren gida-mapa aztertu ondoren, Adituen koadernoan honako galdera hauei erantzun beharko diezue, 1-2-4 teknikaz baliatuz:

  • Zerk eragiten du euskararen erabileran?
  • Zein esparru hartzen dute eragile horiek?
  • Eraginkorra izan daitekeela uste duzu hor eragitea? Zergatik?

 


D.3. Jarduera. Lagina

Ikerlan hau egiteko ikasleen errolda oso zabala izan daiteke. Hori dela eta, lagin bat hartu beharko duzue kontuan. Lagina osatzeko, egin ezazue ondoko lanketa:

  • Adituen koadernoan, erantzun honako galdera hauei 1-2-4 teknikaz baliatuz: 
    • Zein adin tartetan hasten dira ikasleak hizkuntza-hautuak egiten?
    • Hori kontuan izanda, zein adin tartetako ikasleek osatuko dute zuen ikerketarako lagina? Zergatik?

Horretarako, kontuan hartuko dituzue Soziolinguistika Klusterrak egindako Arrue Proiektuaren ondorioak.

  • Bi galderei erantzutean, laginaren taula osatuko duzue Adituen koadernoan. Lagina osatzeko mailaka eta gelaka aritzea proposatzen dizuegu: zuetako bakoitza maila jakin bateko gela baten jarraipena egiteaz arduratuko da. 
  • Jarduera bukatzean, ikerketaren hasieran proposatutako kontrol-zerrendan dagokion pausoa bete dela ziurtatu beharko duzue.

D.4. Gure hizkuntza beharrak, hausnarketa 

Izan al zarete inoiz Durangoko Azokan? Sortu zenetik, euskarazko produktuen, sortzaileen eta kontsumitzaileen arteko elkargunea da, eta esan liteke ia ekintza sozial bilakatu zaigula azoka. 

Durango aitzakiatzat hartuta, hausnarketatxo batekin ekingo diogu gure ikerketari: zein hizkuntzatan sortu dira zuek kontsumitzen dituzuen produktuak? Horretarako, 1-2-4 teknikaz baliatuz, erantzun honako galdera hauei Adituen koadernoan. Erantzunak ematean, erabil ezazue erronkaren hasieran landutako hiztegi soziolinguistikoa.

  • Zein hizkuntzatan…
    • Irakurtzen duzu?
    • Entzuten duzu musika?
    • Irakurtzen duzu prentsa edo entzuten irratia?
    • Ikusten duzu TB?
    • Ikusten dituzu filmak edo serieak?
    • Jolasten duzu bideo-jokoetan?
    • Aritzen zara sare sozialetan?
  • Zergatik jokatzen duzu horrela?

D.5. Galdetegia prestatu

Galdetegia prestatze aldera, azter ezazue taldean Erabileraren GPS-a dokumentua (5-24 orriak), eta, dokumentuan jasotako galderen artean aukeraketa eginez, osatu ezazue informazioa eskuratzeko inkesta Adituen koadernoan.

Ondoren, Google inprimaki bihurtu, eta bidal iezaiozue aurrez aukeratutako laginari.

Bukatzean, marka ezazue Adituen koadernoan dagoen kontrol zerrendan gauzatutako urratsa.


D.6. Hezkuntzarako hizkuntza-beharrak

Sarritan entzun izan dugu euskarak goi-mailako ikasketak egiteko ez duela balio, etxeko eta lagunarteko hizkuntza dela… Historiak, aldiz, funtsik gabeko baieztapenak direla erakutsi digu, eta horretan eragin zuzena izan du Elhuyar fundazioak.

Ikus ezazue Tribuaren berbak saiorako Kike Amonarrizek egindako elkarrizketa, eta, ondoren, erantzun honako galdera hauei Adituen koadernoan, 1-2-4 teknikaz baliatuz:

  • Zein hizkuntza-beharri erantzuteko sortu zen Elhuyar fundazioa?
  • Zein lan-ildo ditu?
  • Zein formatu darabilte egindako lana zabaltzeko?
  • Zein ekarpen egiten dizue zuoi, ikasleoi, Elhuyar Fundazioak?

D.7. Erregistro-mailako gabeziak 

Adierazkortasuna izango dugu hizpide honako jardueran. Horretarako, Badihardugu Euskara Elkarteak Ahotsak.com ekimenaren barruan egindako bideo bat aztertuko duzue, ondoren, folio birakariaren teknika erabiliz, Adituen koadernoan honako galderei erantzuna emateko:

  • Zein da bi belaunaldien arteko aldea?
  • Zein hutsune sumatzen dute egungo gazteek euskaraz aritzerakoan?
  • Zein da ematen zaion irtenbidea?
  • Zein bitarteko erabili beharko lirateke, zuen ustez, egun ezezagun zaigun hiztegia zabaltzeko?

Bideo honetan, bi belaunaldi ageri dira, eta biek ala biek oso harreman desberdina dute hizkuntzarekin. Desberdintasun horretatik abiatuta, hizkuntza era adierazkorrean erabiltzeko egun ditugun zailtasunak izango dituzue aztergai.  

Gazte gara gazte hiztegia eskura izan bazenute, zailtasun gutxiago izango zenukete. Tira! egin klik eta erabili behar duzuenean!

Oharra:

Hurrengo saioa bateratze-saioa egiteko baliatuz gero, adostu galdera hauen erantzunak:

  • Zerk eragiten du hizkuntza bat ala beste hautatzerakoan?
  • Zein hizkuntzatan sortu dira gehien kontsumitzen dituzuen produktuak?
  • Zein hizkuntza-behar izango dituzue ondorengo ikasketetan? Euskaraz badago horretarako baliabiderik?
  • Nola indartu daitezke, zuen ustez, euskaraz behar besteko indarrik ez duten hitzak eta esamoldeak?

D.8. Bateratzea

Berriz ere jatorrizko taldeetan elkartuko zarete. Adituen taldean aritu zarete ikerketak egiten, eta, honakoan, Taldearen koadernora ekarri beharko dituzue ikerketa-garaian jorratutako gaiak. Bukaeran, talde bakoitzak burutu beharreko ekintza komunikatiboari ikerketek egindako ekarpena egingo diozue. Zuen taldeari dagokionez, zein behar asetu beharko ditugu? galdera nagusiari erantzun beharko diozue, ondorengo galderei erantzunez:

  • Zerk eragiten du hizkuntza bat ala beste hautatzerakoan?
  • Zein hizkuntzatan sortu dira gehien kontsumitzen dituzuen produktuak? 
  • Zein hizkuntza-behar izango dituzue ondorengo ikasketetan? Euskaraz badago horretarako baliabiderik?
  • Nola indartu daitezke, zuen ustez, euskaraz behar besteko indarrik ez duten hitzak eta esamoldeak?
Irudi handia

D.9. Galdetegiaren emaitzak 

Ikerketarekin aurrera egiteko, Adituen taldeetan elkartuko zarete berriz ere. Eskura izango dituzue, jada, aurretiaz bidalitako galdetegien emaitzak.

  • Honakoan, emaitza horiek erabiliz, presta ezazue aurkezpen bat, eta gorde ezazue Gazteen hizkuntza-beharrak karpetan. Ondoren, txerta ezazue karpetaren esteka Adituen koadernoan. 
  • Emaitza horiek eskura dituzuela, ikus ezazue Elkar fundazioaren enkarguz Siadeco-k egindako ikerketaren emaitzei buruzko erreportajea, eta erantzun honako galdera hauei Adituen koadernoan, folio birakariaren teknikaz baliatuz: 
    • Zein faktorek eragiten du gazteen euskararen erabileran?
    • Zein da faktore horien egungo egoera?
    • Zein eragin dute hizkuntza-aurreiritziek faktore horien egungo egoera ulertzeko?
    • Zertan sakatu behar du XXI. mendean, beraz, euskalgintzak? Eta norberak?

Bukatzean, marka ezazue Adituen koadernoan dagoen kontrol-zerrendan gauzatutako urratsa.

Bide batez, euskarazko hainbat produkturen egungo eskaintzaren egoeraz jabetzeko baliagarriak izango zaizkizue honako estekak:


D.10. Ondorioak 

XXI. mendeko hiztunek zein hizkuntza-behar duzuen badakizue! Ez da gutxi!

Egindako lanetik ondorioak atera beharko dituzue honakoan. Erantzun iezaiezue ondoko galderei Adituen koadernoan, folio birakariaren teknikaz baliatuz.

  • Zein faktorek eragiten du gazteen euskararen erabileran?
  • Zein alderditan dituzue hutsunerik handienak euskaraz aritzean? Zer falta zaizue?
  • Zein eragin dute aurreiritziek egoera horietan?
  • Zeri erreparatu behar dio XXI. mendean, beraz, euskalgintzak?

Azkenik, jaso ezazue galdera horien erantzunen gaineko hausnarketa Gogoeta-kaieran. Horretaz gain, jo kaiera horretako EBALUAZIOA atalera , eta osa ezazu, behin-behinean, bertan proposatzen den hausnarketa.