Ikastetxearen hizkuntza-politika

Ikastetxea abiapuntu hartuta, eta bertan dugun hizkuntza-aniztasuna kontuan hartuta, eskolak duen hizkuntza-politika aztertuko duzue. Hau da, hizkuntzen gainean ikastetxeak hartutako erabakien irakurketa kritikoa egiteko ikerketa-lana egingo duzue. Era berean, ikastetxeak hartutako erabakietatik norberak hartutako erabakietara bideratuko dugu hausnarketa: eta, zuk, hizkuntzen gaineko zein erabaki hartzen dituzu?

Idatzizko edota ikus-entzunezko dokumentuetatik abiatuta, ikastetxeak indarrean dituen erabakiak aztertuko dituzue, eta erabaki horien arrazoien gaineko hausnarketa egingo duzue. Horretarako, ikerketan ere aritu beharko duzue, izan ere, norbanakoak hizkuntzen gainean hartutako erabakiek lotura estua dute ikastetxean hartutakoekin. Ordenagailu bidez egingo duzue galdetegia, eta, ikerketarako lagina aukeratu ondoren, emaitzen jarraipena egin beharko duzue. Bukatzeko, egindako lanketatik beharrezko ondorioak aterako dituzue.

Aurrez esan bezala, lanketa guztia Adituen koadernoan egingo duzue, beraz, taldekide batek eskura dezala ikerketa honi dagokion Adituen koadernoa, kopia bat egin eta parteka dezala gainerako taldekideekin. Ikerketa-aldi honetako informazioa gordetzeko, berriz, sortu Ikastetxearen hizkuntza-politika izeneko karpeta, eta parteka ezazue.



B.1. Aurretiko ezagutzak aktibatzen

Egunerokotasunak, sarritan, itsutu egiten gaitu, eta ez digu uzten inguruan duguna behar bezala aztertzen. Erantzun iezaiezue honako galderei Adituen koadernoan, folio birakariaren teknikaz baliatuz:

  • Zenbat hizkuntza hitz egiten da, zuen ustez, herrian?
  • Zuen ustez, horietako zenbat ditugu ikastetxean?
  • Zenbaten lehen hizkuntza izango ote da euskara?
  • Ba ote da elebakarrik zuen ikastetxean?
  • Zenbat hizkuntzatan moldatzen zarete ondo?
  • Zenbat hizkuntzatan duzue gutxieneko ulermen-maila?

Horretarako, Euskaltzaleen Topaguneak sortutako Lingoland proiektuaren harira egindako bideoa ikusiko duzue.


B.2. Ikerketa abiarazten

Hasteko, Ikastetxean bizi duzuen aniztasuna aztertuko duzue. Erantzun iezaiozue honako galderari Adituen koadernoan:

  • Zein jatorritako ikaskideak ditugu gure ikastetxean?

Horretarako, ikastetxeak indarrean duen hizkuntza-proiektua aztertu beharko duzue, edota Ulibarri Programarako prestatutako plangintza. Bi dokumentu horietan, testuinguruari dagokion atalean, ikasleen jatorriari buruzko informazioa ematen da. Halako dokumenturik ez bazenute, dagokion arduradunari galdetuta lortu beharko duzue informazioa.

Bukatzean, Adituen koadernoan proposatutako kontrol-zerrendan, dagokion zeregina burututzat joko duzue.


B.3. Ikastetxearen egoera soziolinguistikoa  

Ikastetxean zein jatorritako ikaskideak elkartzen zareten aztertu beharko duzue. Horretarako, Adituen koadernoan duzuen taula osatuko duzue, honako datuak kontuan hartuta:

  • Kopurua
  • Maila
  • Jatorria
  • Lehen hizkuntza

Taldean arituko zaretenez, mailakako azterketa egin dezakezue (taldekide bakoitzak maila bat azter dezake, esate baterako) eta, azterketa-lana bukatzean, taldera eraman azken emaitza. Kontuan izan, era berean, Ikastetxeko hizkuntzen mapa aztertzen ari den taldeak ere abiapuntu bera duela ikerketarako; beraz, pertsona gehiagoren artean banatu dezakezue lana.


B.4. Norberaren hizkuntza-erabakiak 

Uste baino hizkuntza gehiago elkartzen dira ikastetxean, ezta? Honako jardueran, hizkuntza horien erabilera-eremuaren gaineko hausnarketa egin beharko duzue. Horretarako, folio birakariaren teknikaz baliatuz, ondorengo galderei erantzungo diezue Adituen Koadernoan: 

  • Zein hizkuntza erabiltzen duzue lagunartean gelatik kanpo zaudenean?
  • Zein hizkuntza etxean?
  • Eta gelan?
  • Zein da, beraz, zuen hizkuntza-politika gune horietan?

B.5. Ikastetxearen hizkuntza-politika 

Atal honetan, ikastetxeak hartutako hizkuntza-erabakiei buruzko hausnarketa egiten arituko zarete. Adituen koadernoan, honako galdera hauen erantzunak jaso beharko dituzue:

  • Zein da ikastetxearen hezkuntzako hizkuntza? Betidanik izan da horrela?
  • Zein hizkuntza irakasten dira ikastetxean?
  • Noiz hasten da bakoitza irakasten?
  • Zein da hezkuntza-komunitatearen harreman-hizkuntza?
  • Zein da euskararen erabilera-maila?
  • Eta gaztelaniarena edo frantsesarena?
  • Neurtzen al da beste hizkuntzarik?
  • Zein da ikastetxearen hizkuntza-paisaia?
  • Bat datoz hartutako erabakiak ikastetxearen hizkuntza-aniztasunarekin?
  • Zergatik hartu dira erabaki horiek?

Bukatzean, marka ezazue ondorioen atalaren azpian dagoen kontrol-zerrendan gauzatutako urratsa.

Bi modutara egin daiteke behaketa lan hau: batetik, ikastetxeak indarrean duen hizkuntza-proiektuaren dokumentua aztertuz. Horretarako, irakasleak eskura jarri beharko dizue dokumentua; bestela, sarean eskura egonez gero, non aurki dezakezuen adierazi. Bestetik, ikasketa-buruarekin, zuzendariarekin edota Hizkuntza Normalkuntzarako Arduradunarekin egin dezakezue elkarrizketa. 


B.6. Lagina 

Ikerlan hau egiteko ikasleen errolda oso zabala izan daiteke. Hori dela eta, lagin bat hartu beharko duzue kontuan.

  • Adituen koadernoan, erantzun honako galdera hauei 1-2-4 teknikaz baliatuz:
    • Zein adin-tartetan hasten dira ikasleak hizkuntza-hautuak egiten?
    • Hori kontuan izanda, zein adin-tartetako ikasleek osatuko dute zuen ikerketarako lagina? Zergatik?

Horretarako, kontuan hartuko dituzue Soziolinguistika Klusterrak egindako Arrue Proiektuaren ondorioak 

  • Bi galderei erantzutean, laginaren taula osatuko duzue Adituen koadernoan. Lagina osatzeko mailaka eta gelaka aritzea proposatzen dizuegu: zuetako bakoitza maila jakin bateko gela baten jarraipena egiteaz arduratuko da.
  • Bukatzean, marka ezazue koadernoaren amaieran duzuen kontrol zerrendan gauzatutako urratsa.

B.7. Galdetegia 

Ikerketarako lagina prest duzuenean, galdetegia sortu beharko duzue. 

  • Lan hau burutzeko, folio birakariaren teknikaz baliatuz, bakoitzak hiruna galdera idatziko ditu Adituen koadernoan. 
  • Ondoren, galderen egokitasuna aztertu eta gero, galdetegia osatuko duzue, honako irizpide hauek kontuan hartuta 
    • Hizkuntza-ohituren gaineko galderak txertatzea
    • Egunerokotasunean gune desberdinetan erabiltzen duen hizkuntzaren gaineko galderak txertatzea

Bukatzean, Google inprimakiak erabiliz galdetegi itxura eman eta bidali egingo dituzue. Galdetegia bidali baino lehen, kopiak egin eta, ondoren, arduradun bakoitzak dagokion ikasle-taldeari bidaliko dizkio. 

Pauso guztiak bete eta gero, marka ezazue koadernoaren amaieran duzuen kontrol zerrendan gauzatutako urratsa.

Oharra:

Hurrengo saioa bateratze-saioa egiteko baliatuz gero, adostu galdera hauen erantzunak:

  • Zenbat hizkuntza ditugu ikastetxean?
  • Horietatik zenbat erabiltzen dira ikastetxean?
  • Zergatik hartu ditu ikastetxeak erabaki horiek? Zentzuzkoak al dira?
  • Gure inguruan hizkuntza-mailan egindako hautuek (gure hizkuntza-ohiturek) zein ekarpen egiten diote euskararen egoerari?

B.8. Bateratzea

Berriz ere jatorrizko taldeetan elkartuko zarete. Adituen taldean ari zarete ikerketak egiten, eta, honakoan, Taldearen koadernora ekarri beharko dituzue ikerketa-garaian jorratutako gaiak. Bakoitzak burutu beharreko ekintza komunikatiboari ikerketek egindako ekarpena gehituko dio. Kasu honetan, zein hizkuntza-politika erabiliko dugu? Galdera nagusiari erantzun beharko diozue, ondorengo galderei erantzunez:

  • Zenbat hizkuntza ditugu ikastetxean?
  • Horietatik zenbat erabiltzen dira ikastetxean?
  • Zergatik hartu ditu ikastetxeak erabaki horiek? Zentzuzkoak al dira?
  • Gure inguruan hizkuntza-mailan egindako hautuek (gure hizkuntza-ohiturek) zein ekarpen egiten diote euskararen egoerari?
Irudi handia

B.9. Galdetegietako emaitzen jarraipena 

Ikerketarekin aurrera egiteko, Adituen taldeetan elkartuko zarete berriz ere. Aurrekoan, galdetegia bidali zenieten ikasle egokiei. Honakoan, galdetegietan jasota dituzuen emaitzen azterketa egin beharko duzue, eta, ondoren, Adituen koadernoan txertatu beharko dituzue jasotako emaitzak.

  • Horretarako, jaso aurkezpen batean galdetegietako emaitzak, eta gorde aurkezpen hori Ikastetxearen hizkuntza-politika karpetan. Ondoren, txertatu karpetaren esteka Adituen koadernoan.
  • Aldera itzazue zuen emaitzak Arrue Proiektuaren emaitzekin. Horretarako, honako galderari erantzungo diozue Adituen koadernoan, folio birakariaren teknikaz baliatuz: 
    • Ikasleen emaitzak kontuan hartuta, betetzen al da gurean Arrue Proiektuak agerian utzitakoa? 

B.10. Ondorioak

Ikerketa honen ondorioak ateratzeko, honako galdera hauei erantzun beharko diezue Adituen koadernoan, folio birakariaren teknikaz baliatuz:

  • Zein erabaki ditu hartuta ikastetxeak hizkuntzen gainean?
  • Ikastetxeko zein hizkuntzak du isla erabaki horietan?
  • Hizkuntza gutxituari lehentasuna emateak zein emaitza ekarri ditu Arrue proiektuaren arabera?
  • Zer onura ekarri ditu erabaki horrek?
  • Gaztelaniaren edo frantsesaren ezagutzari eta erabilerari kalterik eragin die? Zergatik?
  • Beraz, zein hizkuntza-politika lehenetsi beharko genuke aurrera egiteko?

Lan hori egiteko, kontuan har itzazue B.5 jardueran jasota dituzuen erantzunak. Bertan dituzue ikastetxeak hizkuntzen gainean hartutako erabakiak. Horretaz gain, taldekide bakoitzak ikasle jakin batzuen emaitzak ditu, eta datu horiek ere erabili beharko dituzue ondorioak ateratzeko. 

Ondoren, galdera horien erantzunen gaineko hausnarketa egin beharko duzue bakarka Gogoeta-kaieran. Horretaz gain, jo ezazu kaiera horretako EBALUAZIOA atalera, eta osa ezazu, behin-behinean, bertan proposatzen den hausnarketa.

Bukatzean, klika ezazue ariketan ageri den kontrol-zerrendan gauzatu duzuen urratsa.