Ikastetxeko hizkuntzen mapa

Ikastetxea oinarri hartuta, inguruan dugun hizkuntza- eta kultura-aniztasuna ezagutzea eta, aberastasun-iturri den heinean, balioestea du helburu ikerketa honek. Horretaz gain, euskaraz jakiteak elkarbizitzari egiten dion ekarpenaz hausnarketa egitea ere bada ildo honen beste helburu bat.

Idatzizko edota ikus-entzunezko dokumentuetatik abiatuta, ikastetxean bizi duzuen errealitatea aztertuko duzue, eta errealitate horrek berarekin dakarren aberastasunaz jabetuko zarete. Elkarrizketa izango da erabiliko duzuen baliabidea, eta, ikerketarako lagina aukeratu ondoren, elkarrizketak egin eta grabatuko dituzue. Bukatzeko, egindako lanketatik beharrezko ondorioak aterako dituzue.

Aurrez esan bezala, lanketa guztia Adituen koadernoan egingo duzue, beraz, taldekide batek eskura dezala ikerketa honi dagokion Adituen koadernoa, kopia bat egin eta parteka dezala gainerako taldekideekin. Ikerketa-aldi honetako informazioa gordetzeko, berriz, sortu Ikastetxeko hizkuntzen mapa izeneko karpeta, eta parteka ezazue.



A.1. Aurretiko ezagutzak aktibatzen

Egunerokotasunak, sarritan, itsutu egiten gaitu, eta ez digu uzten inguruan duguna behar bezala aztertzen. Erantzun iezaiezue ondoko galderei Adituen koadernoan; horretarako, euskarak Ondarroan bizi duen errealitatearen berri emateko EITBk egindako bideoan oinarrituko gara:

  • Zenbat hizkuntza hitz egiten da, zuen ustez, zuen herrian?
  • Horietako zenbat ditugu ikastetxean?
  • Zenbaten lehen hizkuntza da euskara?
  • Zenbat euskaldun ditugu herrian?

A.2. Ikerketa abiarazten

Ikastetxean bizi duzuen errealitateaz jabetzeko, ikastetxeak jasota dituen datuetatik abiatu beharko duzue. Erantzun Adituen koadernoan honako galderari, ikastetxeak indarrean duen hizkuntza-proiektua aztertuz edota dagokion arduradunari galdera eginda:

  • Zein jatorritako ikaskideak ditugu gure ikastetxean?

Bukatzean, Adituen koadernoan duzuen kontrol-zerrendan dagokion urratsa bete duzuela adieraz ezazue. 


A.3. Lagina prestatu

Atal honetan, elkarrizketak egingo zaizkien ikasleak identifikatu beharko dituzue. Horretarako, ikastetxean zein herrialdetako ikaskideak dituzuen aztertu beharko duzue, eta Adituen koadernoan duzuen taulan jaso beharko duzue ondoko informazioa: 

  • Ikasleen jatorria.
  • Ikasleen lehen hizkuntza.
  • Ikas-maila.
  • Kopurua.

Taldean arituko zaretenez, mailakako azterketa egin dezakezue (taldekide bakoitzak maila bat azter dezake, esate baterako), eta, azterketa-lana bukatzean, taldera eraman beharko duzue azken emaitza.


A.4. Lagina aukeratu

Aurreko jardueran osatutako zerrendatik ikerketarako lagina osatuko duten ikasleak hautatu behar dituzue. Horretarako, erantzun Adituen koadernoan honako galdera honi:

  • Zein taldek osatuko du zuen ikerketarako lagina?

Prestatuko duzuen laginak esanguratsua izan beharko du, izan ere, ikastetxearen eta, bide batez, herriaren isla izan beharko du. Ikasleen jatorri-aniztasunari eta lehen hizkuntza desberdinak izateari lehentasuna ematea komeni da. Beraz, aniztasun hori islatuko duen ikasle bana, behintzat, izan beharko du zuen laginak. 

Ondoren, jatorrizko herrialdeetan dagoen hizkuntza-aniztasuna aztertu, eta hizkuntzek egun bizi duten egoerari buruzko hausnarketa egingo duzue. Goiko jardueran aukeratutako laginean oinarrituta, Adituen koadernoan duzuen taula osatuko duzue, ondorengo galdera lagungarri duzuela: 

  • Hizkuntza eta immigrazioa txostenean jasotako informazioaren arabera, zein da lagina osatzen duten ikasleen jatorrizko herrialdearen hizkuntza-egoera?

Lan horretarako, 2008an, Ikuspegiaren eta Unesco Etxearen izenean egindako Hizkuntzak eta immigrazioa txostena erabiliko duzue. Dokumentu horretan jasotako informazioa kalkulu-orri honetan jaso dugu, bilaketa errazago egin dezazuen. Bertan, bilaketa egin beharko duzue, bai Ctrl+F erabiliz, edota iragazkiak erabiliz. Munduan den hizkuntza-egoeraz, neurri batean behintzat, jabetu ondoren, elkarrizketetarako galdera aproposak prestatzen hasteko informazio baliagarria eskuratuko duzue.

Lana bukatzean, Adituen koadernoko kontrol-zerrendan proposatutako ekintza burutu duzuela ziurtatuko duzue.


A.5. Galdetegiaren ezaugarriak

Galdetegia prestatzen hasi aurretik, Kike Amonarriz soziolinguistari Euskal Irratian egindako elkarrizketa entzungo duzue, eta galderei erantzun. Erantzun horiek baliagarriak izango zaizkizue ondoren prestatu beharreko galdetegirako. Hona hemen Adituen koadernoan erantzun beharreko galderak:

  • Kike Amonarrizen ustez, zertan nabari da aldaketa Euskal Herrian? Aukeratu erantzun egokia:
    • Politika-arloan.
    • Demografian.
    • Teknologia berrietan.
    • Euskara arloan.
  • Zein ezaugarri dituzte XXI. mendeko euskal hiztunek?
  • Zein da ikasle gehienen lehen hizkuntza, eta non ikasten dute euskara?
  • Baikorra ala ezkorra da Kike Amonarriz aurrea begira? Zergatik?

Erantzunak folio birakariaren teknika erabiliz emango dituzue. Zuetako bakoitzak kolore jakin bat erabiliko du erantzunak emateko.


A.6. Galdetegia  prestatu

Aztertutako dokumentuetatik abiatuta, elkarrizketetan erabili beharreko galdetegia prestatu beharko duzue honako zereginean. Horretarako, egin ezazue honako lanketa Adituen koadernoan:

  • Orain arte ikertutakoa kontuan hartuta, proposa itzazu ikasleei egin beharreko lau galdera, kolore desberdinak erabiliz.
  •  Azter ezazue taldean kide bakoitzak egindako proposamena, eta hauta itzazue galderarik egokienak.
  • Osa ezazue zuen elkarrizketetarako galdetegiaren gidoia. Ziurtatu hizkuntza gutxituari egin dakiokeen ekarpenari buruzko galderaren bat ere sartu duzuela.  

Galdetegiaren edukia ez da oso trinkoa izango; izan ere, berriemaileak ikasleak izango direla kontuan hartu beharko duzue. Bukatzean, Adituen koadernoan duzuen kontrol-zerrendan dagokion urratsa bete duzuela adieraz ezazue. 


A.7. Elkarrizketak  

Leku egokia eta hitzordua finkatu ondoren, elkarrizketak egingo dituzue. Binaka aritu beharko duzue (gutxienez), izan ere, pertsona bat grabatzen aritu beharko da, eta bestea galderak egiten.

Elkarrizketak egitean, gogoan izan Adituen koadernoan 4. jardueran proposatutako taula bete behar duzuela, eta egindako grabaketa eta argazki guztiak karpeta batean gordetzea litzatekeela egokiena.

Sortu ezazue karpeta bat, partekatu elkarrekin eta eman XXI. mendeko hiztunak izena. Bukatzean, txerta ezazu Adituen koadernoan karpeta horren esteka. Era horretan, bukaerako ekintza komunikatiborako erabilgarri izan daitekeen informazioa eskura izango du talde bakoitzak.

Oharra:

Hurrengo saioa bateratze-saioa egiteko baliatuz gero, adostu galdera hauen erantzunak:

  • Zein jatorritako ikaskideak ditugu ikastetxean?
  • Zenbat hizkuntza hitz egiten da gurean?
  • Zein onura ekarri die euskaraz jakiteak?
  • Zein onura ekarri dio euskarari hiztun berriak izateak?

A.8. Bateratzea

Berriz ere jatorrizko taldeetan elkartuko zarete. Adituen taldean ari zarete ikerketak egiten, eta, honakoan, Taldearen koadernora ekarri beharko dituzue ikerketa-garaian jorratutako gaiak. Horretarako, lagungarri izango zaizue aurreko jardueran osatutako taula. Ekarpenak egiteko, talde bakoitzak bere ikerketa-ildoari dagokion atala bete beharko du. Talde honi dagokionez, nor gara XXI. mendeko euskal hiztunak? galdera nagusiari erantzun beharko diozue, ondorengo galderei erantzunez:

  • Zein jatorritako ikaskideak ditugu ikastetxean?
  • Zenbat hizkuntza hitz egiten da gurean?
  • Zein onura ekarri die euskaraz jakiteak?
  • Zein onura ekarri dio euskarari hiztun berriak izateak?
Irudi handia

A.9. Elkarrizketak 

Ikerketarekin aurrera egiteko, Adituen taldeetan elkartuko zarete berriz ere, eta aurreko jardueran hasitako elkarrizketei bukaera emango diezue saio honetan. Elkarrizketak egitean, gogoan izan ahotsa (behintzat) grabatzea komeni dela eta argazkiak ateratzea ere komenigarria dela, ondoren, dagokion taldeak erreportajea egin ahal izateko. Jaso ezazue bildutako materiala aurrez sortutako karpetan, eta Adituen koadernoan proposatutako kontrol-zerrendan dagokion zeregina burututzat joko duzue.


A.10. Ondorioak 

Elkarrizketak egin ondoren, ondorioak atera beharko dituzue. Horretarako, erantzun Adituen koadernoan ondoko galderei: 

  • Zein jatorritako ikaskideak ditugu ikastetxean?
  • Zenbat hizkuntza hitz egiten da gurean?
  • Zein onura ekarri die euskaraz jakiteak?
  • Zein onura ekarri dio euskarari hiztun berriak izateak?

Gogoan izan, ikastetxean eta, bide batez, herrian duzuen aniztasunaren isla izan beharko duela zuen erantzunak. 

Ondoren, Gogoeta-kaieran bilduko dituzue hausnartutakoak. Hausnarketa hori egiteko, erabil itzazu honako galdera-gidari hauek:

  • Zein da herriak, ikastetxetik abiatuta, duen kultura-aniztasunaren arloko errealitatea?
  • Aniztasun horren aurrean non kokatzen duzu zeure burua?
  • Zein emozio sorrarazten dizu aztertu berri duzun errealitateak?

Horretaz gain, kaiera horretako EBALUAZIOA atalera jo, eta osa ezazu, behin-behinean, bertan proposatzen den hausnarketa.

Bukatzeko, Adituen koadernoan, ziurtatu ikerketarako prestatutako kontrol-zerrendako zeregin guztiak burutu dituzuela!