XXI. mendeko arteak

Ikerketa-ildo honetan, hitzezko artea, pintura eta eskultura izango ditugu aztergai. Hortik abiatuta, arlo horiek XX. mendean izan duten ibilbidea aztertuko du talde honek, eta eskuratutako informazioa txertatuko du unitate-hasieran jorratutako denbora-lerroan. 

Idatzizko edota ikus-entzunezko dokumentuetatik abiatuta, XX. mendean zehar jazotako zenbait gertaerek arteetan izan duten islaz jabetuko zarete. Horretaz gain, hizkuntza gutxituei arte-adierazpenak egiten dien ekarpenaz ere egingo duzue hausnarketa, eta, ildo horretatik, Euskal Herrian ditugun sortzaileen berri ere jasoko duzue. Azkenik, zuen ikerketatik ateratako ondorioak partekatuko dituzue, eta amaierako ekintza komunikatiboak gauzatu ahal izateko informazio baliagarria eramango duzue Urgazle-taldeetara.

Aurrez esan bezala, lanketa guztia Adituen koadernoan egingo duzue, beraz, taldekide batek eskura dezala ikerketa honi dagokion Adituen koadernoa, kopia bat egin eta parteka dezala gainerako taldekideekin. Ikerketa-aldi honetako informazioa gordetzeko, berriz,  sortu XXI. mendeko arteak izeneko karpeta, eta parteka ezazue taldekideen artean.



F.1. Aurretiko ezagutzak aktibatzen

Talde honetan elkartutakoek artearen ikuspegitik aztertuko duzue gaia. Adierazpen artistikoa gizakiaren berezko ezaugarria da. Beraz, baieztapen horri helduko diogu hasierako ariketa honetan. 1-2-4 teknikaz baliatuz, Adituen koadernoan ondoko galderei erantzungo diezue:

  • Zergatik da beharrezkoa gizakiarentzat arte-adierazpena?
  • Ezagunak al zaizkizu irudietako pertsonak?

 

 


F.2. Ikerketa abiarazten

Lanean hasteko, Hiri asko bere baitan ekimenak antolatutako argazki-erakusketa bat aurkezteko egindako bideoa aztertuko duzue eta, ondoren, Adituen koadernoan, folio birakariaren teknikaz baliatuz, honako galdera hauei erantzungo diezue:

  • Zein gai jorratzen du bideoak?
  • Zergatik hautatu du gai hori?
  • Zein da, zuen ustez, ikus-entzunezko honen helburua?
  • Zein bitarteko erabili du horretarako?

 


F.3.  Hausnarketa: kulturen arteko talka?

Gure inguruan uste baino aniztasun handiagoa dugu, eta, sarritan, ezezagun zaigun horrek mesfidantza sortzen digu, eta ondorioz, norberaren kultura eta ohiturak ahalik eta “garbien” biziraunarazteko saiakerak izan dira. 

2019ko Korrika-rako prestatutako kantuaren bideoklipa aztertuko duzue, saltsa ederra piztu baitu sare sozialetan! Entzun eta ikusi kantuaren bideoklipa, eta erantzun Adituen koadernoan ondoko galderei, 1-2-4 teknikaz baliatuz:

  • Zer lortu du Fermin Muguruzak bideo honetan erakutsitakoarekin?
    • Hiritar kultura aberastea.
    • Euskal kultura aberastea.
    • Zentzurik gabeko nahasketa bat.
    • Bizirik dauden kulturen ikuspegia zabaltzea.
  • Nola islatuko dugu kultura-aniztasuna gure sormen-lanetan?
  • Zer lortuko dugu gurean bizirik ditugun kultura desberdinak artearen bidez islatuta?

F.4. XX. mendea artearen ikuspegitik 

Mondragon Unibertsitateak Euskal Kulturgintzaren Transmisioa graduondokoaren harira prestatutako ikus-entzunezkoa aztertuko duzue. Bi partaide eta bi gai jorratzen ditu bideoak: batetik, euskararen eta euskal kulturaren transmisioa lantzen da, eta, bestetik, Ismael Manterolak XX. mendeko euskal artea ekarri digu mahai gainera.

Azter ezazue bideoa eta, ondoren, erantzun honako galdera hauei, Adituen koadernoan 1-2-4 teknikaz baliatuz:

  • Xabier Aierdi
    • Zein desberdintasun aipatzen ditu Xabier Aierdik Trantsizio-garaia eta egungoa konparatzean?
    • Nola bultzatu beharko litzateke, adituaren ustez, euskal kultura XXI. mendean?
  • Ismael Manterola
    • Zein dira XX. mendean artearen transmisioan arrakasta izan duten bi aldiak?
    • Zer gertatu da XXI. mendearen hasieran? 

F.5. Denbora-lerroa janzten (I)

Jarduera honetan, erronkaren hasieran osatzen hasitako denbora-lerroari literaturaren, pinturaren eta eskulturaren ikuspuntua gehituko diozue. Binaka arituko zarete lanean eta, elkarlanean, Adituen koadernoan honako galdera honi erantzungo dion taula osatu beharko duzue:

  • Zein dira euskal artearen eta literaturaren loraldietan aipagarri diren idazle, margolari eta eskultore aipagarrienak? Zein garaitan kokatuko zenituzke? 

Taulan proposatzen den aldi bakoitzerako, hiru egile hautatuko dituzue. Bide batez, komenigarria litzateke genero-ikuspegiari erreparatzea, eta hautaketarako irizpidetzat erabiltzea.

  • Bikote batek, literaturaren atala garatu ahal izateko, EIE-ren webgunetik aterako du informazioa. Bilaketarako, lagungarri izango zaizkizue ondoko idazleen izenak:
    • Txomin Agirre, R. M Azkue, Lizardi, Lauaxeta, Orixe, Txillardegi, Mirande, Krutwig, Aresti, Artze, Saizarbitoria, Izagirre,  Urretabizkaia, Atxaga, Sarrionandia. 
    • Eider Rodriguez, Kirmen Uribe, Karmele Jaio, Danele Sarriugarte, Uxue Alberdi, Harkaitz Cano, Iban Zaldua, Karlos Linazasoro….

Ezinbestekoak ez diren arren, XX. mendean euskal literaturak egindako bidea irudikatzeko baliagarriak izango zaizkizue.

  • Beste bikoteak, aldiz, arteari dagokion atala garatuko du eta, horretarako, Ismael Manterola irakasleak Euskonews-en argitaratutako artikulua izango du aztergai. Bilaketarako, lagungarri izango zaizkizue honako autoreen izenak: Adolfo Guiard, Dario Regoyos, Manuel Losada, Ignacio Zuloaga, Aurelio Arteta, Arrue anaiak, Jorge Oteiza, Eduardo Chillida, Nestor Basterretxea, Txomin Badiola, Angel Bados, Itziar Okariz, Maria Luisa Fernandez… Ezinbestekoak ez diren arren, XX. mendean euskal artistek egindako bidea irudikatzeko baliagarriak izango zaizkizue.

Bukatzean, marka ezazue dagokion atalean gauzatutako urratsa, Adituen koadernoan duzuen kontrol-zerrendan.


F.6. Denbora-lerroa janzten (II) 

Adituen koadernoan unitate-hasieran betetzen hasitako denbora-lerroa osatzeko lanketa egingo duzue jarduera honetan. 

Horretarako, elkarlanean bikoteka jarraituz, eskura duzuen informazioa osatzeko aurkezpen bat egingo duzue sortzaile horietako bakoitzak egindako lan baten lagin bat edo pasarte bat aukeratuta. Bukatzean, aurkezpen hori XXI. mendeko arteak izeneko karpetan jasoko duzue.

Ondoren, eskura duzuen informazioaz baliatuz, erronkaren hasieran proposatutako denbora-lerroa osatuko duzue, eta kalkulu-orriaren esteka gehituko duzue Adituen koadernoan.

Hautatutako artisten lanak aurkitzeko, sarean bilaketa egin beharko duzue, edota honako webgunea aztertu: armiarma.eus


F.7. Arantzazu 

Jarduera honetan, Arantzazuk euskal kulturan izan duen eragina aztertuko duzue. Horretarako, bi bideo aztertuko dituzue. 

Lehenengoan, Arantzazuko santutegiko basilikaren berritze-lanei buruzko bideo bat duzue aztergai. Bideoa ikusi ondoren, honako galdera hauei erantzun beharko diezue Adituen koadernoan, 1-2-4 teknikaz baliatuz:

  • Zein artista elkartu ziren Arantzazun?
  • Zein lan egin zuen bakoitzak?
  • Zergatik onartu zen Arantzazun arkitektura-mailako berrikuntzak egitea?

Ondoren, Arantzazuren eta euskalgintzaren arteko lotura aztertuko duzue. Horretarako, ikus ezazue aurreko bideoaren jarraipena, eta, hori aztertuz, honako galdera hauei erantzun beharko diezue Adituen koadernoan, 1-2-4 teknikaz baliatuz:

  • Zergatik aukeratu zuten Arantzazu euskara estandarra gauzatzeko?
  • Hiru data aipatzen ditu Joan Mari Torrealdaik: 1956, 1968 eta 2018. Zergatik dira esanguratsuak?
  • Zergatik da beharrezkoa, Torrealdairen ustez, euskara estandarra?

Bukatzean, marka ezazue dagokion atalean gauzatutako urratsa. Horretarako, kontrol-zerrenda bat duzue Adituen koadernoan.

Oharra:

Hurrengo saioa bateratze-saioa egiteko baliatuz gero, adostu galdera hauen erantzunak:

  • Zein aldi nagusi izan ditugu arteari eta literaturari dagokionez, XX. mendean?
  • Zein ekarpen egin dio Arantzazuk euskal kulturari?
  • Zergatik da garrantzitsua hizkuntza minorizatua eta arte-adierazpena uztartzea?
  • Zein behar dute sortzaileek euren ekarpenak egiten jarraitzeko?

F.8. Bateratzea

Berriz ere jatorrizko taldeetan elkartuko zarete. Adituen taldean aritu zarete ikerketak egiten, eta, honakoan, Taldearen koadernora ekarri beharko dituzue ikerketa-garaian jorratutako gaiak. Bukaeran, talde bakoitzak burutu beharreko ekintza komunikatiboari ikerketek egindako ekarpena egingo dio. Talde honetan, nola eta zergatik zabalduko dugu mundura? galdera nagusiari erantzun beharko diozue, ondorengo galderei erantzunez:

  • Zein aldi nagusi izan ditugu arteari dagokionez, XX. mendean?
  • Zein aldi nagusi izan ditugu literaturari dagokionez, XX. mendean?
  • Zein ekarpen egin dio Arantzazuk euskal kulturari?
  • Zergatik da garrantzitsua hizkuntza minorizatua eta arte-adierazpena uztartzea?
  • Zein behar dute sortzaileek euren ekarpenak egiten jarraitzeko?
Irudi handia

F.9. Ikerketa: sortzaileak 

Ikerketarekin aurrera egiteko, Adituen taldeetan elkartuko zarete berriz ere. Sortzaileek kulturari eta, bide batez, hizkuntzari egin diezaioketen ekarpenaz arituko gara jarduera honetan.

  • Horretarako, Ainhoa Larrabek Berria egunkarian idatzitako erreportajea aztertuko duzue, eta, irakurri ondoren, honako galdera hauei erantzungo diezue Adituen koadernoan folio birakariaren teknikaz baliatuz:
    • Zein ideia nagusi garatu du kazetariak paragrafo bakoitzean? Zein da bakoitzaren azpigaia?
    • Zein ahots erabili ditu? Zertarako?
    • Zer da sortzaileak.eus?
    • Zein da bere helburua?
  • Jarraian, hauta itzazue  sortzaileak.eus webgunetik diziplina bakoitzeko ordezkari bana eta erantzun honako galdera hauei Adituen koadernoan:
    • Zein ezaugarri komun dituzte hautatutako sortzaileek?
    • Zer behar dute sortzaileek, zure ustez, sormen lanean jarraitzeko? 

Azken bi galderen erantzunak baliatuz, berreskura ezazue aurreko jardueran egindako aurkezpena eta gehitu iezaiozue gaur egungo artisten atal bat. Atal horretan, artisten izenak, irudiak eta egindako lanen baten erreferentzia txertatuko dituzue.

Bukatzean, marka ezazue dagokion atalean gauzatutako urratsa. Horretarako, kontrol-zerrenda bat duzue Adituen koadernoan.


F.10. Ondorioak

Taldean elkartu eta ondorioak aterako dituzue. Horretarako, aurreko bateratze-saiorako prestatutako galderen erantzunak egokitu edo osatuko dituzue Adituen koadernoan, folio birakariaren teknikaz baliatuz:

  • Zein aldi nagusi izan ditugu arteari eta literaturari dagokionez, XX. mendean?
  • Zein ekarpen egin dio Arantzazuk euskal kulturari?
  • Zergatik da garrantzitsua hizkuntza gutxitua eta arte-adierazpena uztartzea?
  • Zer behar dute sortzaileek euren ekarpenak egiten jarraitzeko?

Bukatzean, marka ezazue dagokion atalean gauzatutako urratsa.

Ondoren, Gogoeta-kaieran, egin ezazue galdera horien inguruko hausnarketa. Horretaz gain, jo kaiera horretako EBALUAZIOA atalera eta osa ezazu, behin-behinean, bertan proposatzen den hausnarketa.