XXI. mendeko aldarrikapenen kudeaketa
Euskaltzaindiak jotako erronkari aurre egiteko, bideo bat egin beharko duzue. Ikus-entzunezko horren helburua berdintasunean oinarritutako zapalkuntzen mahaiaz baliatuz (Elkargunea edo Intersekzionalitatea), etorkizuneko erronkei erantzun bateratua ematea izango da. Era berean, zeharka jorratu beharko dituzue ikerketa-ildoetatik jasotako ekarpenak:
- Zein ezaugarri ditu XXI. mendeko euskal hiztunak?
- Nora iritsi nahiko genuke?
- Zein behar ditugu XXI. mendeko euskal hiztunek?
- Zein politika erabiliko dugu horretarako?
- Nola eta zergatik islatuko dugu aniztasun hori?
5.1. Erronkaren eskakizunak berreskuratu
Jaso itzazue erronkaren eskakizunak Taldearen koadernoan; horretarako, azter ezazue Euskaltzaindiak jotako erronkari aurre egiteko gauzatu beharreko ekintza komunikatiboari dagokion egoera.
5.2. Jarduera. Eredua aztertzen
Aurrera egin aurretik, eredu baten azterketa egingo duzue. Horretarako, Gaindegia elkarteak Euskal Herriko esportazioen gainean egindako ikus-entzunezkoa aztertuko duzue. Ondoren, 1-2-4 teknika erabiliz, ekintza komunikatibo horren osagaiak bildu, eta testu horren plan orokorra aterako duzue Taldearen Koadernoan.
5.3. Planifikazioa: plan orokorra
Eredutik abiatuta, zereginari erantzungo dion ikus-entzunezkoaren azalpenaren egitura edo plan orokorra egingo duzue. Horretarako, Taldearen koadernoan duzuen taula izango duzue abiapuntu eta, hori erabiliz, testuaren planifikazioa egingo duzue, elkarren artean eztabaidan arituz. Ikus-entzunezkoaren azalpenaren edukia hautatzeko, ezinbesteko izango zaizue bateratze-saioetan jasotako informazioa.
5.4. Ekintza komunikatiboa gauzatzen (I)
Aurreko jardueran, egingo duzuen bideoaren egitura landu duzue. Adostutako plan orokor hori aintzat hartuta, bakoitzak gidoiaren proposamena idatziko du Gogoeta-kaieran. Bukatzean, gutxienez honako ezaugarriak bete dituzuela ziurtatu beharko duzue:
- Eskatutakoari erantzuten dion testua da.
- Soziolinguistika-kontzeptuak erabili ditut.
- Gainerako taldeetako informazioa egoki txertatu dut lanean.
- Ekintza komunikatiboari arrakastaz erantzuteko estrategiak erabili ditut: (ahots desberdinak, egitura eraginkorra eta logikoa).
5.5. Ekintza komunikatiboa gauzatzen (II)
Zuetako bakoitzak idatzi duzuen gidoian oinarrituta, azken bertsioa adostuko duzue Taldearen koadernoan, elkarlanean arituz. Bukatzean, gutxieneko honako ezaugarriak bete dituzuela ziurtatu beharko duzue:
- Eskatutakoari erantzuten dion testua da.
- Soziolinguistika-kontzeptuak erabili ditugu.
- Gainerako taldeetako informazioa egoki txertatu dugu lanean.
- Ekintza komunikatiboari arrakastaz erantzuteko estrategiak erabili ditugu: (ahots desberdinak, egitura eraginkorra eta logikoa).
5.6. Ekintza komunikatiboa gauzatzen (III)
Azken ekoizpenari dagokion bideoa egingo duzue, eta, ondoren, egindako lanaren esteka txertatuko duzue Taldearen koadernoan. Bideo hori egiteko, editore bat, edota aurkezpenak egiteko aplikazioren bat erabili beharko duzue (Prezi, edota Powtoon bezalakoak, esate baterako).
Horretaz gain, lanaren bukaeran agertu beharreko kredituak osatuko dituzue. Atal honetan, erabilitako irudien eta argazkien jabetza eta erabilitako musikaren iturriak aipatuko dituzue, gutxienez.
Azkenik, Gogoeta-kaieran, Euskaltzaindiak jotako erronkari emandako erantzuna berreskuratuko duzue, eta egindako lanketa kontuan izanda, eman zenuten erantzuna molda ezazue ahozko grabaketa bat eginez: zein ekarpen egin diezaioke gutako bakoitzak euskarari? Ahozko erantzuna editatu behar izanez gero, erabil ezazue audio editoreren bat.