XXI. mendeko hizkuntza-politika
Euskaltzaindiak jotako erronkari aurre egiteko, debate bat egin ondoren, bertatik ateratako ondorioak laburtuko dituen bideo bat egingo duzue. Bideo horren gaia aurrera begira erabili beharreko hizkuntza-politika izango da, eta helburua, aldiz, hizkuntza gutxituari ekarpenak egingo dizkion politikari ekarpenak egitea. Era berean, zeharka jorratu beharko dituzue ikerketa-ildoetatik jasotako ekarpenak:
- Nora iritsi nahiko genuke?
- Nola kudeatuko ditugu gure arteko aldarrikapenak?
- Zein ezaugarri ditu XXI. mendeko euskal hiztunak?
- Zein hizkuntza-behar asetuko ditugu?
- Nola eta zergatik islatuko dugu aniztasun hori?
2.1. Erronkaren eskakizunak berreskuratu
Jaso itzazue erronkaren eskakizunak Taldearen koadernoan; horretarako, azter ezazue Euskaltzaindiak jotako erronkari aurre egiteko gauzatu beharreko ekintza komunikatiboari dagokion egoera.
2.2. Eredua aztertzen
Aurrera egin aurretik, eredu baten azterketa egingo duzue. Horretarako, 11 Telebistan egindako debate baten laburpena ikusiko duzue. Ondoren, 1-2-4 teknika erabiliz, ekintza komunikatibo horren osagaiak bilduko dituzue, eta testu horren egitura edo plan orokorra aterako duzue Taldearen Koadernoan.
2.3. Planifikazioa: plan orokorra
Eredutik abiatuta, zereginari erantzungo dion laburpenaren egitura edo plan orokorra egingo duzue. Horretarako, Taldearen koadernoan duzuen taula izango duzue abiapuntu eta, hori erabiliz, debatearen laburpenaren planifikazioa egingo duzue, elkarren artean eztabaidan arituz. Debaterako ekarpena egiterakoan, ezinbesteko izango zaizue bateratze-saioetan jasotako informazioa.
2.4. Ekintza komunikatiboa
Amaierako ekintza komunikatiboari erantzuteko ezinbestekoa den debatea egingo duzue. Horretarako, rolak banatu beharko dituzue, eta, era berean, mahai inguruan eztabaidatuko den gaia ekarriko duzue gogora:
- Zein hizkuntza-politika erabili beharko da hizkuntza gutxitu batek aurrera egin dezan?
Debatea egiterakoan, kontuan har itzazue honakoak:
- Balia ezazue bateratze-saioetan jasotako informazioa.
- Baliatu Soziolinguistikari dagokion lexikoaz.
- Baliatu debateetan ohiko diren kortesia-estrategiez (hitz-txandak, modalizazioa…).
- Grabatu debatea edo atera argazkiak.
2.5. Ekintza komunikatiboa gauzatzen (I)
Egindako debatea oinarri hartuta, Gogoeta-kaieran debatearen laburpenaren zirriborroa idatziko duzue.
Ondoren, taldekideen artean bakoitzak egindako ekarpenetatik abiatuta, Taldearen koadernoan debatearen laburpenaren zirriborroa osatuko duzue.
Bukatzean, honako kontrol-zerrenda erabiliko duzue lana egokia dela ziurtatzeko:
- Eskatutakoari erantzuten dion testua da.
- Soziolinguistika kontzeptuak erabili dituzue.
- Gainerako taldeetako informazioa egoki txertatu duzue lanean.
- Ekintza komunikatiboari arrakastaz erantzuteko estrategiak erabili dituzue: (ahots desberdinak, egitura eraginkorra eta logikoa).
2.6. Ekintza komunikatiboa gauzatzen (II)
Debatearen laburpena islatuko duen bideoa prestatuko duzue eta, ondoren, egindako lanaren esteka txertatuko duzue Taldearen koadernoan. Laburpen hori egiteko, bideo editore bat erabili beharko duzue. Horretaz gain, lanaren bukaeran agertu beharreko kredituak osatuko dituzue. Atal honetan, erabilitako irudien eta argazkien jabetza eta erabilitako musikaren iturriak aipatuko dituzue, gutxienez
Azkenik, Gogoeta-kaieran, erronka egiteko Euskaltzaindiak egindako galderari emandako erantzuna berreskuratuko duzue, eta egindako lanketa kontuan izanda, eman zenuten erantzuna molda ezazue ahozko grabaketa bat eginez: zein ekarpen egin diezaioke gutako bakoitzak euskarari? Ahozko erantzuna editatu behar izanez gero, erabil ezazue audio editoreren bat.